ONGI ETORRI TUMO-RA!
TEKNOLOGIA SORTZAILEEN ZENTRO BERRITZAILEA
Ikasi, sortu, gidatu
TUMO Bilbao-Bizkaia
TUMO hezkuntza-esperientzia berritzailea da, teknologia eta diseinua uztartzen dituena, eta ”la Caixa” Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bultzatzen dute.
TUMOn, gazteek rol aktiboa hartzen dute beren ikaskuntza-prozesuan, etorkizunerako funtsezko gaitasunak garatuz. Autoikaskuntzako espazioetan, tailerretan eta laborategietan parte hartzen dute, esperientzia pertsonalizatu, berritzaile eta diziplina anitzekoa eskainiz.
TUMO jarduerak eskola-orduz kanpokoak, presentzialak eta doakoak dira.
Ikaskuntza-helburuak
Tailerrak Workshop Leaderren gidaritzapean egiten dira, gazteei arlo bakoitzean laguntzen dieten espezialistak. Eskainitako 8 arloetatik 4 aukeratu ahal izango dituzte, eta mailaz maila egingo dute aurrera proiektu praktikoak osatuz; amaieran, egindakoa portfolio pertsonal baten bidez argitaratu, partekatu edo aurkeztu ahal izango dute egindako lana.
Animazioa
TUMOko animazio-arlo honetan, mugimenduaren kontzeptua menderatzea izango duzu helburu nagusia. Horrez gain, irudi estatikoak biziarazteko gaitasuna bereganatuko duzu, animazioa istorioak kontatzeko eta gai garrantzitsuak lantzeko tresna boteretsu gisa erabiltzen ikasiz.
Ikaskuntza-arlo hau amaitzean, oinarri sendoa izango duzu animazioaren munduan sakontzeko eta zure trebetasunak hobetzen jarraitzeko. Zure ezagutzak 3D animazioan, stop motion-ean zein beste edozein motatako animaziotan aplikatzeko gai izango zara.
Bideojokoen garapena
TUMOren bideojokoak garatzeko arlo honetan, erabiltzailearen esperientzian oinarritutako 3D joko konplexuak sortzen ikasiko duzu. Mailen diseinua eta programazioa uztartuz, zure pentsamendu kritikoa landuko duzu; horrela, jokalariak jokoan zehar nola mugitzen diren eta interfazearekin nola elkarreragiten duten aztertzeko gaitasuna bereganatuko duzu.
Prozesu honek guztiak bideojokoen garapenaren ikuspegi sakona emango dizu. Mailak sortu eta programatzeaz gain, jokalarien arreta bereganatuko duten esperientzia erakargarriak diseinatzen ikasiko duzu, sorkuntza-lan bakoitzari zentzua eta fluxua emanez.
Musika
Musikaren arloan, XXI. mendeko musika izango dugu ardatz. Genero desberdinak aztertzeaz gain, instrumentu klasiko zein elektronikoen munduan murgilduko zara, eta abestiak idazten zein konposatzen ikasiko duzu.
Horretarako, musikaren industrian estandarra den Logic Pro software profesionala erabiliko duzu. Soinu-teknikari, musikagile eta ekoizle lanetan arituko zara, eta zure ikaskuntza-ibilbidea zeure abestia sortuz borobilduko duzu.
Zinema
TUMOko zinema-arlo honetan, ikus-entzunezkoen bidez istorio interesgarriak kontatzeko artea menderatuko duzu. Zinemaren funtsezko printzipio bat ulertzera eramango zaitugu: garrantzitsuena ez dela istorio bat kontatzea, irudien bidez erakustea baizik.
Arlo honetan, zeure film laburra diseinatu, ekoitzi, grabatu eta editatuko duzu. Zinemaren oinarrizko ezagutzak bereganatzeaz gain, esperientzia praktiko zabala hartuko duzu plangintzan, grabazioan, muntaketan eta film bat sortzeko beharrezkoak diren gainerako prozesu guztietan.
Programazioa
Ikasketa-ibilbide honetan, programazioaren munduan murgiltzeko beharrezkoa den guztia ikasiko duzu. Aldagaiak kontrolatzen, funtzioak sortu zein kudeatzen, eta kodeko elementuak manipulatzen trebatuko zara.
Zerbitzarietan oinarritutako aplikazioak garatzen ikasiko duzu eta bertsio-kontrolaren kontzeptua bereganatuko duzu, Git edo Bitbucket bezalako tresnak erabiliz.
Amaierako proiektu gisa, zeure "Bizitzaren Jokoa" sortuko duzu. Programazio-erronka aurreratuei aurre egin beharko diezu irtenbide desberdinak arakatuz; prozesu horretan, kasu batzuetan, trebetasun matematikoak erabiltzea ere ezinbestekoa izango zaizu.
Robotika
TUMOko robotikan aritzea teknologia berriak ikastea baino askoz gehiago izango da zuretzat. Pentsamendu kritiko eta analitikoa landuko duzu eta, aldi berean, zure sormena garatuko duzu robot mugikorren programazioaren bidez.
Ibilbide honetako bi mailetan zehar, robotikaren eta C++ programazioaren oinarrietan murgilduko zara. Gainera, Gauzen Interneteko (IoT) eta Robotikaren Gauzen Interneteko (IoRT) proiektu berritzaileak sortzeko aukera izango duzu, hasieratik amaierara arteko prozesu osoaren ardura zeure gain hartuz.
Diseinu Grafikoa
TUMOko Diseinu Grafikoaren arlo honetan, elementu bisualen sorkuntza izango duzu ardatz, komunikazioan formek duten garrantziaz jabetuz. Helburua formen manipulazioan murgiltzea izango duzu, mezuak modu erakargarri eta eraginkorrean transmititzen ikas dezazun.
Ibilbide honetako bi mailetan zehar, oinarrizko formetatik abiatuta objektu konplexuak sortuko dituzu. Horrez gain, diseinu grafikoan sakonduko duzu, erretikulen erabilera eta kolorearen aplikazioa landuz marken identitate bisual sendoak eraikitzeko orduan.
Argazkigintza
TUMOko argazkigintza-arlo honetan, argazkia istorioak kontatzeko tresna indartsu gisa erabiltzen ikasiko duzu. Bi mailetan zehar, zure irudien ahalmen narratiboa landuko duzu; bereziki, istorioen bidez mezuak, asmoak eta eragin emozionala transmititzeko gaitasuna bereganatuz.
Tailer honekin zure sormena sustatuko duzu, zure begirada pertsonala eta sormen-ikuspegia garatzeko aukera bikaina izango baituzu. Mundua zure objektiboaren bidez nola adierazi deskubrituko duzu, irudi bakoitzari zure zigilu propioa emanez.
TUMO Bilbao-Bizkaia
Juan Mari Aburto
Mayor of Bilbao
«Bilboko 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutil guztiek, berdintasunean eta doan, eskuratu ahal izango duten tokiko talentuaren garapenerako STEAM prestakuntza-aukera bat da. Oinez, autobusez, metroz edo tranbiaz erraz iristeko modukoa da Azkuna Zentrora, kultura-, kirol- eta aisialdi-eskaintza askotarikoa biltzen duen gunera».
Elixabete Etxanobe
General Deputy of Bizkaia
«Bizkaiko Foru Aldundiarentzat bereziki garrantzitsua da horrelako proiektu bat Bizkaian kokatzea. Aldundiak urteak daramatza enpresekin, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta beste eragile batzuekin lanean, Bizkaia talenturako lurralde bihurtzeko. Bizkaia with the Talent estrategia ahaleginak batzea da, eta ekimen desberdinetan gauzatzen da, Bizkaia pertsonak beren potentzial guztia eskuratu eta garatu ahal duten lurralde izan dadin».
Maria Espinet
Director of the Education Department at the “la Caixa” Foundation
«Oso pozik gaude TUMO Bilbao-Bizkaia zentroa irekitzearekin, eta 2026-27 ikasturtetik aurrera urtero 1.000 ikasle baino gehiago hartzearekin. Gure helburua hezkuntza berritzaile eta irisgarria eskaintzea da, komunitate honetako nerabeen artean aukera-berdintasuna sustatzeko. Robotikatik musikara doazen ikaskuntza-arloekin, ziur gaude gure ikasleek etorkizun akademiko eta profesionalean baliagarriak izango diren gaitasunak garatuko dituztela».